Eleizak eta baselizak


1. Meakaur auzoko Martin Deunaren parrokia

Martin Deunaren eleiza Morgako parrokia da. X. Mendean eraikia da, berau 1580. urtean berreraiki zuten, antzinako dorretxetik (Isasitarren palaziotik) ateratako materialekin. 1804. urtean Sakristia eraikitzen da; bobedak 1853. urtetakoak dira..

Nabe errenazentista eta arkupeko Pedro Deunaren eta Pablo Deunaren eskulturak XVI. mendeko bigarren erdikoak dira. Elizpeak eliza guztia inguratzen du eta hau egurrezko zutoinak euskarritzat dituen aterpe bat da. Bestalde patinetik dorrera joateko eskailera batzuk ditugu.

Eleizaren barruan, aurrekaldean hiru erretaula ditugu: bata aldarealdean eta bi arku-triunfalaren albo bakoitzean. Nagusia errenazentista estilokoa da eta Martín de Tours deunaren bizitzaren pasarteak kontatzen ditu eta alboko bietan Santiago Matamoros aurkitzen da eskumaldean eta ezkerraldean Karmengo Amabirgina umearekin.

2. Kristo Gurutzatuaren kapera (Kurtxiperioa)
Martin Deunaren eleizatik oso hurbil aurkitzen da ermita hau, bere itxuragatik “humilladero” kaperatzat har daiteke. 1515. urtean eraikitakoa da, baina gaur ikus dezakeguna 1766. urtekoa da. Krutxiperio guztiak bezala honako honek ere eleizari ematen dio aurre bere sarrera irekiarekin eta egurrekin egindako barroteekin.




3.Gerekizko Esteban Deunaren baseliza
1961. urtean sute batek suntsituta hutsi ondoren, 1992. urtean berreraikitzen da. Bizkaiko parroki zaharrenetako bat izan zen eta era berean zin hartzeko ermita bat. Bertan herriko aztarnarik zaharrenak aurkitu dira, Kristo ondorengo IV. mendekoak diren Erromatar berantiarreko hiru hilarri. Hauek dira Erromatarrek Bizkaian itxitako aztarna eskasenetako batzuk. Hilarri originalak Bilboko Eleizbarrutiko museoan delakoan aurkitzen dira, eta ermitan dauzkagu hauen kopiak.

4. Andra Mariko Baseliza
Andra Mariko auzoan aurkitzen da eta parrokiari erantzitako eliza da. 1755.urtean On Bautista Aurrek eta Lekerikak berreraiki zuten. Beronen egituran antzeman daiteke Eliza eta abadetxea bateginik daudela. Oin bakarra du eta ur bitako teilatua kanpandorre eta guzti. Hau eraikitzean aurkitutako giza-hezurdura eta berauen hilarriengatik, antzina parrokia zela uste da.



5. Mikel Deunaren Baseliza
Oñarte auzoan dago kokatua, Altamira baserriaren inguruan, pinu izugarri baten gerizpean, bertatik Ganbe auzoa ikus daitekelarik. 1995.urtean erabat berriztu zen.




6. Tomas Deunaren Baseliza
Ganbe auzoko Gordian dago. 1983. urtean berriztu zen. Auzune Baseliza da; hori dela eta mota honetako baselizetan gertatzen zen bezala, gastuak inguruko auzokideen kontura izaten ziren. Bertakoek bakarrik erabil zezaketen eta hori dela eta euren arteko harremanak sendotzea lortzen zuten.




7. Juan Bautista Deunaren Baseliza
Herri honetako tokirik leunenetarikoa den Ganbe auzoan aurkitzen da, Jandoniz baserritik oso hurbil. Gaur egun erortzear dago. Herritarrek ermita hau antzinako parrokiatzat zeukaten, Martin Deunarena izan baino lehen.

8. Santa Krutz Baseliza Bizkargi mendian.
Bizkargi mendi tontorrean kokaturik dago ermita hau (562m). 1937. urteko gerra zibilean suntsitua izan zen eta 1942. urtean berreraiki zen.